XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Horra, gizona! Begira honi!- oihu egin zuen Mamuak.

Neska-mutikoak ziren.

Horika, ergel, zarpail, kopetilun, zirtzilak baina beren umiltasunean ahuspezturik zeuden hala ere.

Gaztetasunaren xarmak soin-aurpegiak taiutu eta kolore ederrez ukitu beharko zituzkeen lekuan, zahartasunaren esku iharrak, denborarenak bezalakoak, bihurrituriko itxuragabeturik, eta urraturik ageri ziren.

Aingeruen tronu erregetiarra izan beharko zukeena, deabru mehatsularien etzalekua zen.

Ez dago aldakuntzarik, ez degradaziorik, ez giza makurkeriarik, berauen edozein mailatan, ez eta kreazioaren misterio harrigarri guztien artean ere, halako munstruo izugarri eta ikaragarrien erdirik ere sor lezakeenik.

Scroogek atzera egin zuen izularriturik.

Izpirituak itxura honetan erakutsi zizkiolarik, ume ederrak zirela esaten ahalegindu zen, baina hitzak trabatu egin zitzaizkion, hain gezur izugarriaren taiua hartu aurretik.

- Izpiritua, semeak al dituzu?- besterik ez zion esan ahal izan.

- Gizonarenak dira - aitortu zuen izpirituak, begirada haienganatuz.

Etor ikus ezazu nola heltzen didaten, gurasoen aurka protesta eginez.

Mutiko hau Ezjakintasuna da.

Neskato hau Beharrizana.

Biekin eta berauen odolekoekin kontuz ibil zaitez, baina batez ere mutikoarengandik gorde ezazu zeure burua, zeren kondenazio hitza ikusten bait diot bekokian idatzirik, (...).